XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

CASTRO-REN OBRA, KAJOI ZAHAR BATETIK ESKENATOKIRA. Atzo estreinatu zuen Sinfonikak Mañana de primavera

Juan Crisóstomo de Arriaga abesbatza eta Fernando Belaza solistaren laguntzarekin, Rafael Castrok orain 25 urte konposaturiko Mañana de primavera obra estreinatu zuen atzo Bilboko Orkesta Sinfonikoak Enrique García Asensioren zuzendaritzapean Campos Eliseos antzokian.

Rafael Castro konposagileak oso gertutik jarraitu zuen kontzertua, berak buruturiko obrarik interesgarrienatzat jotzen baitu egileak berak.

Esan behar da, partitura hauek kajoi zahar batetan egon zirela galdurik eta Rafael bera ere ez zela gogoratzen obra honetaz handik eta azaldu zenerarte.

Bestalde, gaurko iragarrita zegoen kontzertua suspenditu egin da irakasleen greba dela eta.

Orain hogeita bost urte idatzia izan zen arren, atzo estreinatu zuen Rafael Castro konposagilearen Mañana de primavera obra Bilboko Orkesta Sinfonikoak Enrique Garcia Asensioren zuzendaritzapean.

Juan Crisostomo de Arriaga abesbatzak eta Fernando Belaza solistak ere parte hartu zuten Campos Eliseos antzokian burututako estreinu honetan.

Bestalde, egunotan irakasleek burutzen ari diren greba dela eta, gaurko kontzertua ez da ospatuko.

Kajoian gorderik

Rafael Castrok oso gertutik bizi izan du obra honen adaptazioa eta ea zergatik galdetzerakoan zera erantzuten du konposagile honek: nik idatzi dudan obrarik interesgarriena delako.

Kajoi zahar bat izan da urte luzez obra honen esistentziaren lekuko bakarra eta aurkitua izan zenerarte egilea bera ere ez zen bere faltaz ohartu.

Gainera, 20 urterekin idatzi zuen obra hau berreskuratu zuenean, Rafael ez omen zen irakurtzera ausartu handik eta bi hilabete pasa ziren arte.

Hasieran beldur nintzen baina behin irakurri eta gero oso logratua zegoela iruditu zitzaidan.

Horrela azaltzen du Castrok bere gaztaroko obra berrirakurtzerakoan sentitutako inpresioa.

Bi adjetibo erabiltzen ditu bereziki Rafaelek Mañana de primavera obraren ezaugarriak azal ditzala eskatzean, lirikoa eta espontaneoa alegia.

60. hamarkadan idatzi nuen, baina isladatzen duen lirismoa oso freskoa eta espontaneoa da.

Mañana de primavera Juan Ramón Jiménez-en testu batean oinarritzen da eta aipagarria da, berak ere 20 urterekin idatzi zuela.

Obra hau Canciones de la Concordiaren garaikidea da, Blas de Otero-ren testu batean oinarrituz idatzi nuen beste obra bat bezalaxe.

Gaur galdurik dauden beste zenbait obra ere idatzi omen zituela aitortzen du Rafaelek.

Azkenaldiotan Rafael Castroren musikak leku berezia izan du euskal kultur arloan.

Blas de Oteroren omenez egindako ihardunaldietan ez ezik, Musikaste eta Donostiako Musika Hamabostaldian ere hartu du parte.

Azken bi urte hauetan, bestalde, berrogei kontzertu baino gehiago izan ditu eta TVEn oraintsu ikusi ahal izan dugun Zortziko final saioko musika ere berak egina da.

Udaberrirako bukatu nahi duen obra berri bat du eskuartean orain, Abenduaren lauean izenekoa eta Resurrección Maria de Azkuek bildutako testu zahar batzutan oinarritua.

Quevedoren testu batean oinarritutako beste bat ere badabilkit bueltaka.

Poesiak eragin handia omen du konposagile honengan.

Poesia da pentsatzera gehien bultzatzen nauena, baita filosofia ere.

Egia esan, gehiegi motibatzen nau poesiak, sarritan esajeraziora bultzatzen nau eta.